Mintegia. Emakumeen euskal literatura ikuspegi feministatik
Kattalin Minerrek berak azaldu duenez, "euskal eta zehazki euskarazko emakume idazleen lan garaikideak ikuspegi feminista batetik irakurtzeko tailerra izango da hau. Hala, azken urtean argitaratutako lanak irakurriko ditugu, egungo testuinguru eta bizipenetatik. Helburua da euskal emakume idazleak ezagutaraztea, eta egun garatzen ari diren kezka, diskurtso eta proposamenak denen artean hausnartzea eta horiek genero ikuspegi eta ikuspegi feminista batetik irakurtzea”.
Oraingoan: Begiak zabalduko zaizkizue. Irati Jimenez
Egiazko maitasunak ezagutza eta pasioa eskatzen omen ditu, eta bi horietatik gainezka egiten du Irati Jimenezek: euskal literaturari eta sistema literarioari ikusten dizkion gabeziak eta makurrak salatzen ditu, minez bezain gordin, baina horrekin batera gure letrek zein ingurukoek dituzten liburu miresgarriak eta sortzaile apartak laudatzen ditu, sutsu bezain oparo.
Informazio ugari, iturri eta modu askotakoa, eta, datu hutsetan geratu ordez, etengabe animatzen gaitu liburu hobeak idaztera, irakurtzera, gozatzera. Jakituriaz eta berotasunaz gain, umorea da liburu honen beste dohainetako bat, eta horiei guztiei esker aparretan doa irakurlea orriak irensten, sarritan idazlearen erudizioaz txundituta, askotan haren ikuspegiarekin bat eginez eta tarteka desadostasunean eztabaidan.
Ordutegia: 19:00etan (+16 urte)
Izen ematea: Udal liburutegian